BLOGA

MIKROtik MAKROra: NERABEZAROAN ZIENTZIAREN ESPARRUKO MIKROMATXISMOAK DESERAIKIZ

 

 

Teresa Sancho Ortega.

Ilustrazioa: Carmen Navarro.

Beharbada hain zuzen ere zientzia-ikasketak egina naizelako, mikromatxismo hitza lehen aldiz entzun nuenean bururatu zitzaidana zera izan zen: mikro horrek tamaina adierazten zuela. Mikro, deus ez zelako. Mikro, garrantzi gutxiren adierazle. Baina oso bestelakoa da mikromatxismo terminoak aditzera eman nahi duena: matxismoaren oinarrian dauden diskriminazioei egiten die erreferentzia, matxismoaren gurpila birarazten duten eta jendarteak guztion ongiaren alde egin dezan saihesten duten horiei.

Mikromatxismoak barne hartzen ditu  matxismoa betikotzen duten sozialki barneratutako portaera eta keinuak. Egunerokoan hor daude, baina justifikatu egin ohi ditugu, gutxietsi edo are gertatzen direnik konturatu ere ez gara egiten, gertaera sotil eta askotan normalizatuak baitira. Ezinbestekoa da horiek identifikatzea, ikusgai egitea eta publikoki salatzea beren larritasuna, bestelakoan ez baitiegu aurre egingo eta, ondorioz, heteropatriarkatuari ere ez.

 

Mikromatxismoak zientziaren esparruan eta nerabezaroan

Mikromatxismoak gure jendartean oso errotuta daude esparru eta bizitzako etapa orotan; izan ere, gaur egungo jendartearen oinarrian dagoen eredu heteropatriarkaletik datoz. Halere, esparru bakoitzean beren berezitasunak izan ditzakete, eta berezitasun horiek identifikatzea, lagungarri gerta dakiguke egoerari buelta eman eta mikromatxismoak desagerrarazteko. Hori dela eta, pasa den ikasturtean buruari eragiten hasi ginen Sorkin elkartean, halako hainbat galdera airean: zeintzuk dira mikromatxismoen ezaugarriak  zientzian? eta  nerabezaroan? zeintzuk dira horiek deuseztatzeko landu daitezkeen estrategia eta erreminta hezkidetzaileak?

Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia gida idazterakoan nahiko ageriko eta zehatzak iruditu zitzaizkigun hainbat mikromatxismo identifikatu genituen, besteak beste, adibide pare bat aipatzearren: emakumeen zaintzarako gaitasunak naturalizatzea edota bizitzaren mantenurako beharrezkoak diren eta historian zehar emakumeek egindako lanak gutxiestea (ezagutza, esperimentazio eta asmamen bidez garatu diren lanak, bestelako esparru maskulinizatuetan “zientzia egitea” kontsideratuko liratekeenak). Hala, gidarekin hasitako ikerkuntzak zerbaitetaz ohartzeko balio izan zigun: lan handia dugula oraindik egiteko zientzian ematen diren mikromatxismoak sakonki ezagutzeko eta salatzeko, eta are lan handiagoa horiek gainditzeko gako hezkidetzaileak bilatuko baditugu.

 

Hurrengo pausoak: elkarrekin hausnartzea urrunago iristeko

Erronka horri aurre egitea erabaki dugu, baina ez dugu bakarrik egin nahi. Hortaz, prozesu kolektibo bat abian jarri eta hainbat pertsonari luzatu diogu parte hartzeko gonbita: guztiek amankomunean dute feministak direla eta gaiarekiko interesa, baina askotariko ibilbide, jakintza eta bizitza historiak batzen dituzte, eta horrek, gure aburuz, izugarri aberastu dezake guztion arteko elkarlana, ikuspegi askoren gurutzaketa ekar dezakeelako.

Deialdia egiten ari gara oraindik, baina dagoeneko lortu dugu 9 pertsonako taldea osatzea. Zazpi emakume eta bi gizon dira eta guztion artean batzen dituzte ezagutzak eta esperientzia honako gai hauetan: zientzia eta feminismoa, bizitzaren jasangarritasuna, hezkidetza, hezkuntza eraldatzailea, herri-hezkuntza, unibertsitate-irakaskuntza, bigarren hezkuntza, hezkuntza ez-formala, ikasketa zientifiko-teknologikoak, eta baita mugimendu feministan, GGKEtan eta bestelako elkartetan aktibismoa ere. Gure asmoa guztiok elkarrekin biltzea da, esperientzia, ideia eta proposamenen inguruan hausnartzeko.  Aldi berean, prozesuak parte-hartzaileen artean harremanak eta sinergiak sortzeko balio izatea nahi genuke. Beraiek oraindik ez dakiten arren, asko dute amankomunean eta etorkizunean ere elkarrekin saretzen jarraitzea nahi genuke, bestelako begiradatatik zientzia-hezkuntza bultzatzeko.

Gure asmoa da prozesuko emaitzak zeharka txertatzea aurrerantzean landuko ditugun material, formakuntza eta metodologiatan, baina aurretiaz, prozesuak aurrera egin ahala, guztiaren berri ematen joango gara blogean, horren testigu izan zaitezten eta ekarpenik baduzue, horiek helaraziko dizkiguzuen itxaropenez. 

 

Compartir en Facebook Compartir en Twitter