BLOGA

"JAKINTZA ETA ZIENTZIA” JARDUNALDIAK. LABURPENA

2019ko otsailaren 22 eta 23an "Jakintza eta zientzia: esperientzia hezkidetzaile eraldatzaileak bigarren hezkuntzan" jardunaldiak ospatu genituen Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan. Bi egun bizi izan ziren, esperientzia hezkidetzaile eraldatzaileen inguruko ezagutzak partekatzeko baliatu genituenak.

Jardunaldiak hasi genituen “Hezkuntza feminista eta jakintza femeninoak” hitzaldiarekin Núria Solsona i Pairóren eskutik. Hiru ataletan egituratu zuen Núriak bere hitzaldia: lehenik, marko teorikoa aurkeztu zuen jendarteko feminitate/maskulinitate ereduak eta indarrean dagoen hezkuntza-sistemako ezagutzaren eredua aipatuz; bigarrenik, ikasgeletan zer gertatzen den ikusi genuen (besteak beste, nola jasotzen dituzten gazteek helduengandik ohitura matxistak, eta nola hori saihesteko kontzienteki eragin beharra dagoen ikaskuntza prozesuan); hirugarrenik, zenbait ekintza positibo aipatu zituen estereotipo sexistak hausteko, emakumezko erreferenteak sortzeko emakumeen jakintzen bidez, eta zientziaren dimentsio soziala bultzatzeko.

Larunbateko jardunaldia esperientzien mahai batekin hasi genuen. Mahaiaren bueltan izan genituen hezkuntza eraldatzailearen ildotik hainbat esparru lantzen dituzten proiektuak: eskolako jangela, elikadura burujabetza, ekonomia sozial eta solidarioa, edota ingurumen-hezkuntza, kasurako. Gurekin izan ziren Gure Platera Gure Aukera ekimeneko Lurdes Imaz, Equipare kooperatiba elkarte txikiko Arantza Fernández Plaza, Alimentaccion programako Patricia Gómez, eta Txaramela pastako Ainara Baguer eta Izaskun Urbaneta.

Ostiraleko teoriari eta larunbat goizeko esperientzien azalpenei zerbait praktikoa batze aldera, Sorkinetik dinamizatutako bi tailer izan genituen goizeko azken partean. Horietako lehenean, “Emakume baserritarren jakintzek gordetzen duten zientzia” izenburukoan, hezkuntza ez-formaleko espazioetan lan egiteko sortu ditugun materialak errebisatu genituen (ondoko esteka honetan ikus ditzakezue “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” fitxa didaktikoak) parte-hartzaileen iritzia eta etorkizunean material horiek lantzen jarraitzeko proposamenak jaso genituen. Bigarren tailerrean, “Jakintzetan oinarrituriko ikuspegi hezkidetzailetik zientzia lantzeko proposamenak eraikitzea” izenburukoan, elkarrekin solastu ginen eta iritziak partekatu genituen aurtengo ikasturtean hasitako bi hausnarketa prozesuren inguruan: alde batetik,  nerabezaroan zientziaren esparruko mikromatxismoak; eta, bestetik, maskulinitate-zientzia-nerabezaro trinomioaren arteko harremanak

Jardunaldietan hezkuntza formal zein ez-formalaren esparruetan lanean gabiltzan pertsona taldetxo bat bildu ginen, gehienak emakumeak, eta bi egunetan zehar konfiantzazko espazio bat sortu genuen, nerabeekin hezkuntzan parekidetasunaren alde lan egiteko oinarrizkoak diren gaien inguruan hausnartuz. Eskerrik asko etorri zineten guztioi elkarrekin igarotako denboragatik eta zuen ekarpenengatik; espero dugu etorkizuneko elkarlan eta sinergien abiapuntua izatea jardunaldiak.

Ondorengo esteka honetan deskarga dezakezue jardunaldietako edukien laburpen osoa (gaztelaniaz).

Compartir en Facebook Compartir en Twitter