BLOGA

JARRAIBIDEEN ESKULIBURUA. “EMAKUMEEN JAKINTZEK GORDETZEN DUTEN ZIENTZIA” FITXA DIDAKTIKOAK

  • post-manual-eus

 

ZER DIRA ETA ZERTARAKO ERABIL DAITEZKE

Neskak ahalduntzeko eta mutilen artean jarrera berdinzaleak sustatzeko helburuarekin sortutako material didaktikoa dira; zehazki, hauxe dute xede:

  • gaur egun indarrean dagoen zientzia-eredu androzentrikoa ZALANTZAN JARTZEA.
  • emakumezko zientzialarien ERREFERENTE ezberdinak sortzea.
  • bizitza erdigunean kokatzen duten ugalketa- eta zaintza-lanak eta baserritarren JAKINTZAK aintzat hartzea, gure gizartearentzat duten balioa aitortuz eta barne hartzen duten zientzia ikusaraziz.
  • metodologia pedagogiko berritzaileak erabiltzea, GOZAMENean eta BIZIPENetan oinarritutako DIZIPLINARTEKO ikaskuntza bultzatu
ERABILI AURRETIK JAKIN BEHARREKOAK

Ondoko ezaugarri hauek betetzen dituzuen hezitzaileei zuzenduta daude fitxak:

  •  Hezkuntza ez-formaleko espazioetan lan egitea, nahiz eta hezkuntza formaleko testuinguruetara molda daitezkeen.
  • 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilekin lan egitea.
  • Ahal dela, generoari buruzko oinarrizko formakuntza izatea eta/edo gai horrekiko sentikorra izatea.

Horrez gain, fitxak erabili aurretik “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gida didaktikoa irakurtzea gomendatzen dizuegu, testu horretan azaltzen baitira fitxen oinarrian dauden gai teoriko nagusiak. Fitxetako jarduerak gauzatzeko derrigorrezkoa ez bada ere, gida didaktiko hori irakurtzea gomendatzen dizuegu, finkatutako helburuak lortzen lagunduko dizuelakoan.   

Material didaktiko hauek guztiak “Zientzia ikasgelatik kanpo egitea bestelako begiradatatik” izeneko proiektuaren I eta II faseetan sortu ditugu. Proiektuari buruzko informazio gehiago hemen.

NOLA ERABILI

Fitxak diseinaturik daude banaka (modu isolatuan) zein guztiak (hainbat saiotan) erabili ahal izateko. Bigarren aukera hori hautatuz gero, nahi dugun ordenan erabili ahal izango ditugu.

Fitxa bakoitzean atal hauek topatuko ditugu:

  • Helburuak

Fitxa bakoitzean zer landuko duzuen azalduko dizuegu, goian aipatutako helburu orokorrak osatuz eta zehaztuz.

  • Behar den materiala

Jarduera bakoitza gauzatzeko beharrezkoak diren material guztiak zehaztuko ditugu; bakoitzetik beharrezko kantitateak finkatuko ditugu, parte-hartzaile kopuruaren arabera.

  • Iraupena

Jarduerak diseinatu ditugu, 45 eta 60 minutu bitarteko saioetan (saio bakarrean zein hainbat saiotan) garatu ahal izan daitezen. Fitxa bakoitzean zehaztu dugu zenbat saio aurreikusi ditugun jarduera behar bezala gauzatzeko eta itxarote-denborarik behar al den saio batetik bestera (kasu bakar batzuetan gertatzen da hori).

  • Tokia

Orokorrean, objektuak manipulatzea eta lehengaiekin esperimentatzea eskatzen duten jarduera guztietan tamaina jakineko lan-mahaiak beharko dira, erosotasunez lan egin ahal izateko. Gainera, eskuak edo lan-tresnak garbitzea beharrezkoa den jarduera guztietan konketa edo harraska eta horretarako materiala beharko da (xaboia, eskuoihala, zapiak, e.a.). Zenbait fitxatan, jarduera egingo den tokiak bete beharreko baldintzak ere zehaztuta daude.

  • Parte-hartzaile kopurua

Jarduera guztiak diseinatu ditugu pentsatuz hau litzatekeela parte-hartzaile kopuru aproposena: irakasle edo hezitzaile bakoitzeko 4-5 gazte (gehienez ere, 8-10). Guztiak dira egokiak espazio berean 20 neska-mutilekin batera lan egiteko. Halere, zenbait jarduerak kontuan hartu beharreko baldintza espezifikoak dituzte, eta dagozkien fitxetan zehaztu ditugu.

  • Pausoz pauso

Zehaztasunez deskribatuko ditugu jarduerak, etapa eta saio bakoitzean egin beharreko lana azalduz eta horretarako gomendioak emanez. Kasu batzuetan banakako lana izango da; beste batzuetan, aldiz, bikoteka edo talde txikitan egin beharrekoa. Jarduera orotan hausnarketa eta eztabaida kolektiborako uneak uztea gomendatuko dizuegu, guztien arteko ideia-trukea egon dadin eta parte-hartzaileengan pentsamendu kritiko eta askatzailea sustatzeko. Azkenik, taldekideen artean partekatutako landa-koaderno bat erabiltzea ere gomendatuko dizuegu, gazteek beren hausnarketak eta behaketak han idatzi ahal izan ditzaten.

  • Laguntza-jarraibideak

Atal honetan aintzat hartu ohi ez ditugun hainbat alderdiren inguruko jarraibide praktikoak topatuko dituzue, jarduerak gauzatzean kontuan hartu ahal izan ditzazuen.

  • Eta gehiago sakontzeko

Atal honetan jarduera bakoitzean landutako hainbat gairi buruzko informazio gehigarria topatuko duzue, gaiotan sakontzeko eta horien inguruko hausnarketa eta eztabaidak bideratzeko baliagarria izango zaizuena.

  • Eranskinak

Hainbat kasutan, jarduera gauzatu ahal izateko beharrezkoa den materiala (testu eta irudiak) sartu dugu eranskinean.


Kontuan izan gure esperientzian oinarritutako gomendioak besterik ez direla eta, denborari eta parte-hartzaile kopuruari dagokienez, bereziki, zuek moldatu beharko dituzuela, zuen aukerei egokitzeko (baliabide, motibazio edota beharren arabera).

Lan egiteko proposatzen dizuegun metodologiaren oinarrian dago Sorkin elkartean garatu dugun IKUSPEGI PEDAGOGIKOA. Ikuspegi horren bitartez helburu dugu bizipenetan oinarritutako hezkidetza kritiko eta askatzailea sustatzea, bizitza erdigunean kokatzen duena. Esteka honetan topa dezakezue ikuspegi horren deskribapen zehatza eta berau osatzeko inspirazio-iturri izan zaizkigun korronte pedagogikoei buruzko informazioa.

INFORMAZIO ETA EDUKI GEHIGARRIAK

Eskuliburu hau irakurri ostean zalantzarik izanez gero edo gomendioren bat egin nahiko bazenigute, jarri gurekin harremanetan, gustura jasoko ditugu iruzkin guztiak.

Horrez gain, fitxak erabiltzen badituzu, zinez eskertuko genizuke gurekin harremanetan jartzea zuen esperientzia partekatzeko, ikasten eta guztion artean eraikitzen jarraitu ahal izateko.

info@sorkinsaberes.org; 652126790 (Vane)

#jakintzaetazientzia;  #fitxatufitxa

 

 

Compartir en Facebook Compartir en Twitter