BLOGA

JAKINTZEN IRAULEAK

  • ALBOROTADORAS DE SABERES

Vane Calero Blanco

Zazpi urte joan dira jada… zazpi urte Pikara proiektua ezagutu nuenetik, sortu berria zelarik. Bere bultzatzaileen berri izan nuen lehen aldi hura kasualitate hutsa izan zen; ametsak eta ezinegonak partekatzen dituzun jende jatorrarekin elkartzeak dakartzan kasualitate eder horietako bat.

Ondotxo gogoratzen naiz, Bilbin paseoan gindoazen MA eta biok esan zidanean hitzordu bat zeukala arratsalde hartan: sortu berria zen Pikara Magazine izeneko aldizkari feminista bati buruzko bilera. Eta oroitzen dut nola pentsatu nuen “zeinen interesgarri eta beharrezkoa halako proiektu bat”… Eta hementxe gaude biok zazpi urte geroago; berak Pikara proiektuaren ibilbide oparoaren parte izaten darrai, eta ni Sorkin izeneko gaztetxoagoa den honetan aurrera noa tipi-tapa. Ibilian-ibilian bidean topo egin dugu berriz, geure proiektu biak kateatuz: Pikaran  abian jarri dute Jakintzen Irauleak (#AlborotadorasDeSaberes) izeneko atala, Sorkinetik idatziko ditugun artikuluz osatuko dena. 

Iraultzeko gogoz sortu dugun atala da: ontzat ematen eta zientziatzat hartzen ditugun ezagutzak iraultzeko; zientziaz hitz egiteko ikuspegi feministatik; jakintzak eta beren sortzaile emakumeak ikusgai egiteko; jakintzok historian  ikusezin bihurtu diren emakumezko zientzialariei lotzeko. Eta hori guztia gertuko modu batean egingo dugu, zientzia, eamkumeak eta  egunerokotasuna lotzen.  Horrela, zubiak eraikiko ditugu ikusezin bihurtutako emakume zientzialari historikoen eta euren eguneroko lanetik ere zientzia egiten duten emakume anonimoen artean. Eta, aldi berean, zientzia jendartera hurbilduko dugu, eta bizitzara.

Eskerrik asko Pikara estimatuak leihotxo hau zabaltzeagatik zuen atarian: bertatik jarraituko dugu ukitzen gaituzten gaiei buruz hausnartzen eta ikusezina ikusgai bihurtzen.

2017ko abenduan estreinatu genuen atala eta bi hilabetero joango gara artikulu berri bat argitaratzen bertan. Artikuluak gustuko izango dituzuela eta atalak luze irautea espero dugu!

Compartir en Facebook Compartir en Twitter