BLOGA

“ZIENTZIA ETA EMAKUMEEN JAKINTZAK” AURKEZPENA

  • “ZIENTZIA ETA EMAKUMEEN JAKINTZAK” AURKEZPENA

Neska gazteengan bokazio-zientifikoa bultzatu nahi zenuke? Eta mutilak zaintza-lanetan erantzunkide izatea?

Hezkuntza ez-formaleko espaziotan parte hartzen duzu nerabeekin?

Zientziarekin edo baserriarekin harremana duten gaiak lantzen dituzue? Gaiok landu nahi zenituzke, baina ez dakizu nola?

Hezkuntza ez-formalaren esparruan nerabeekin lan egiten duzuen hezitzaileei (ez soilik, baina batez ere) zuzendutako gida didaktiko bat sortu dugu Sorkin elkarteko kideok, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza bat baliatuz. Gida horren bidez, zuen eguneroko lanean zientziarekin lotutako jarduerak integratzeko proposamenak luzatu nahi dizkizuegu. Eduki zientifikoak bestelako ikuspegietatik lantzeko ideiak aurkeztuko dizkizuegu bertan, zientzia ikastea erraz eta atseginagoa egiten dutenak, genero-berdintasuna bultzatzearekin batera.
 
Hala, neska nerabeak ahalduntzen lagundu nahi dugu, haiengan zientzia-bokazioa sustatzen eta, aldi berean, mutil nerabeen artean maskulinitate berriak bultzatu nahi ditugu, batez ere zaintza-lanetan erantzunkidetasuna onartu dezaten.
 
Gaia zure intereskoa bada, ez galdu aukera Bizkaiko hainbat udalerritan burutuko ditugun aurkezpenetako batera hurbiltzeko. Otsailaren 11n ospatuko den Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna-ren karietara egingo ditugu aurkezpenak otsailaren 1ean, 7an eta 8an Bilbon, Barakaldon eta Getxon, hurrenez hurren.
 
Aurkezpen horietan zientzia androzentrikoaren kausa eta ondorioetan sakonduko dugu, emakumezkoen erreferenteak sortzeko hainbat metodo azalduko ditugu, eta gidan bildutako hainbat gai pedagogiko landuko ditugu modu praktikoan. Horrez gain, material didaktikoa emango dizuegu eta zuen jardueran nola txertatu azalduko.
 
Etortzeko asmoa baduzu, asko eskertuko genizuke  hori jakinarazteko izena ematea, beranduenez aurkezpena baino bi egun lehenago. Haurtzaindegi-zerbitzua izango dugu, baina berau baliatzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Plaza-kopurua mugatua da, ez galdu zurea!

Izen-emate fitxainfo@sorkinsaberes.org  / 676 244 753

 

Compartir en Facebook Compartir en Twitter