BLOGA

Eta zu, nongoa zara?

[Ninesek, blogeko sarrera honetan, Generoari eta Energiari buruzko Emakumeen I. Topaketako otsailaren 3ko jardunaldia dinamizatzean loratu zitzaizkion hainbat sentipen azaltzen dizkigu. Kontakizunaren abiapuntua zorizko enkontru bat da: arratsalde hartan Ana Aupirekin Hika Ateneoaren atarian izan zuena; Ana nor zen oraindik jakiteke eta jardunaldiaren itxieran taula gainean ikusi aurretik…]

Nines Alquézar Castillo

Besterik gabeko galdera, elkarrizketa bati ekiteko ohiko formula… niri beti zalantza piztu ohi didan itauna. Nola azaldu hemengoa eta hangoa naizela; hemengoa eta hangoa izatea nire izatearen parte dela? Berez ez da zaila azaltzen, kontua da luze jo dezakeela azalpenak eta ez dudala edonorekin horretaz hitz egiten.

Oraingoan pertsona berezi batek luzatu zidan galdera; oraindik antzemana ez nion arima indartsudun pertsona batek. Anak. Hika Ateneoko atean arnasa hartzen ari nintzela ikusi nuen hurbiltzen eta arreta eman zidan lehen unetik; bertan egotea ez zegokiela zirudien pertsona-taldetxo batekin zetorren. Egun hartan betetzen ari nintzen dinamizatzaile rolean erabat sartuta eta guztiz ezjakin, genero eta energiari buruzko jardunaldi batean geundela esateko zorian izan nintzen. Berehala pentsatu nuen, ordea, ez zegokidala niri haiek okerreko lekuan ote zeuden juzkatzea.    

Bere itxura ia efimeroa iruditu zitzaidan: argala, hauskor antzekoa, ume aurpegi eta begirada garbiduna, begi argi sarkor bi haiek ingurua miatzeko baimen eske bezala. Istant batez begiratu eta ez nion gehiago jaramon egin. Barrura bueltatzea zegokidan osoko bilera aurkeztera eta, jardunaldiaren dinamizatzaile ginen aldetik, helburu genuen giro lasai eta goxoa sortzea. Biodantza zetorren: okasiorako hautatutako musikaren erritmoari jarraiki dantzatzea zegokigun; une garrantzitsua bizipenetan oinarritutako gure metodologian. Halakoxea izan zen, erabat; emozioek gainezka egiten didate dantza-saio labur hura gogoratzean: emakume haiek guztiak batuta, izaki bat eta bakarra balira bezala dantzan, barrezka, elkarri irribarre eta ferekak oparitzen.

Dinamizazio-saioa amaitu zen eta aho-zapore goxo-goxoa utzi ziguten eskertze, aitortza eta besarkadak jasota eman genuen amaitutzat lanaldia. Hala ere, etxerantz abiatu beharrean, bertan apur bat gelditzea erabaki nuen eta areto hura gainezkatzen zuen energiaz gozatzea. Harrituta nengoen, igaro genuen jardunaldi nekagarriaren ostean oraindik halako gorakada nabaritzeaz, eta poz-pozik, nolabait hartan lagundu nuela pentsatzen bainuen. Hain nengoen hunkituta, ezen kalera irten behar izan bainintzen malkoak askatzera gaueko aire freskoan.    

Bueltakoan, Estherrekin egin nuen topo; proiektu eder hartan sartu gintuen pertsonarekin. Zorretan sentitzen nintzen hargatik eta sakonki eskertuta. Haren elkarrizketara batu nintzen. Hantxe zegoen Ana. Momentu jakin batean, aurrez aurre geundela, galdera bota zidan: eta zu, nongoa zara?

Eta hantxe hasi nintzaion azalpenak ematen: Catalunyan jaioa naizela baina bizitza erdia eman dudala hainbat herrialdetan bizitzen, egun Bartzelonan bizi arren Bilbo hiri kuttuna dudala eta behar dudala noizean behin hona etorri eta loturaren garra hauspotu, nola joan naizen harremanak egiten munduko txoko urrunetako jendearekin eta ez dela beti erraza izaten harremanok bizirik mantentzea ozeano oso bat tarteko.

Solaskidea adi begira neukan, eztia zen gure arteko solasa. Ez nion inolako azenturik igarri… harik eta “ondo ulertzen zaitut, horren inguruan idatzi izan dut” esan, eta isilik so gelditu zitzaidan arte. Begiradarekin eta hitz haiekin bere esentziari buruzko pistak ematen ari zitzaidan; bere jatorri, borroka eta erresistentziei buruzko pistak, gero zentzuz beteko zirenak.

El Paisito-ri buruz aritu nintzaionean (halaxe esaten diote El Salvadorri hango biztanleek), eta Boliviari buruz, azaldu nion zeinen zaila zaidan han egindako harreman sakonak distantzian mantentzea, nola inarrosten dizkidan barrenak han utzi ditudan pertsonengan pentsatze hutsak; nola bildu zuregana zure parte ere badiren zati horiek guztiak? Eta geroxeago lortu nuen erantzuna, oholtza gainetik ozen eta sendo zabaldu zenean areto osoan “honaino ekarri nauten guztiei hel egiten diet” aldarria, jardunaldiaren itxiera- eta ospakizun-ekitaldian.

Solasa amaituta, beste norabaitera abiatu nintzen sentipen goxoa neurekin neramala; maite dut pertsonak elkarren artean komunikatzeko inolako trabarik ezartzen ez dutenean gertatzen den hori, benetako konexioa, opari hutsa da.

Halaxe joan zen denbora liburuaren aurkezpenaren txanda iritsi arte. Aretoa leporaino zergatik bete zen jakiteak jakin-min handiagoa eragiten zidan poesia-emanaldiak berak baino –oraindik pistak deszifratu gabe jarraitzen nuen–, eta txoko bat bilatu nuen oholtzatik zetorrenari aditzeko. Lolita Chávezen hitzaldi zirraragarriak oroitzapenen kutxara eraman ninduen; bizipen eta emozio ugari azaleratu zitzaizkidan, milaka gomuta eta sentipen azaldu ziren borborka orainean; denak hel eginda, denak hantxe bertan… Hogeita hiru urte joan dira jada Guatemalan lehen aldiz izan nintzenetik; bidaia hark bizitza aldatu zidan ezbairik gabe, bide eta bizi-traiektoria baten hasiera markatu zuen. Hura gogoratzean emozio-uholde batek gainezka egin zuen nigan eta oraindik, lerro hauek idaztean, jalgitzen darrai; gelditzeko eskatzen dit, isuri dadin espazioa uzteko, gurtzeko, nire kontzientzian utzi duen aztarnari erreparatzeko…

Oilo-larrua jarri zidan aurkezpen haren ostean etorri ziren Ana eta Lolitaren arteko lotura-momentuekin saihestezina izan zitzaidan are gehiago emozionatzea. Anak poesia eta erresistentziaz osatutako bere bizipenak azaldu zizkigun eta Lolitak bere presentzia oparitu. Lolita: bitzitzaren defendatzaile sutsua, haren zentzurik zabalenean; bizitzaren seinale ororen, gure banakotasuna baino askoz ere handiagoa den zerbait horren aldezkaria…

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eta horrela joan nintzen “eta zu, nongoa zara?” hark ezkutatzen zuen esentzia boteretsuaren kontzientzia hartzen eta neure buruari esan nion “arraioa! eta zu ohartu ere egin gabe!”. Oraindik asko neukan deskubritzeko, gainera:  Las amigas de Yoli taldearen txanda etorri zen, euren abestiak Anaren poesiarekin txirikordatu zituzten, eta gaindosiraino hazi zen indarra etorri zen, horditzerainoko sentipenen isuria, inolako erresistentziarik jarri ez genuenontzat bai behintzat… eta ez ginen gutxi izan hori sentitu genuenak, ziur nago!

Emanaldia amaitzean, liburua erosi eta zuzenean joan nintzaion sinadura eske. Aurretik ez ninduen poesiak sekula halako intentsitatez harrapatu eta zeharkatu, zera gogoraraziz: “bila abiatzea ez da galdurik egotea, norabidez aldatzeko adorea izatea baizik”. Aurretik ez nuen sekula izan liburu baten eskaintzarik eskatzeko tentazioa. Baina hain zen sakona hitz haiek eragin zidaten sentipena, Anaren Guatemalako esentzia inbokatzen zuten hitz haiek... ezen urgentzia sentitu bainuen.

Bere eskaintzak are emozio gehiago eragin zidan; gure elkarrizketa ondo gogoratzen zuen eta, funtsean, eskaini zizkidan hitz haietara eraman zuen: harreman iraunkorrak… eta zaintza feministak. Nik ez dut memoria onik; apenas gogoratzen dudan zein izan zen zaintza feministei egindako erreferentzia zehatza… baina ziurrenik pertsonen P horri buruzko zerbait botako nion eta dantzari buruzkoa, eta elkar zaintzeko eta elkarri afektua erakusteko beharraz arituko nintzaion. Ondo oroitzen dudana zera da: besarkada batekin agurtu ginela; besarkada estu batekin, bihotzak sentitzerainoko gertutasunezko besarkada horietako batekin.

Zaintza feministari buruz hitz egiteak, arrastoa utzi didaten bizitzako beste momentu batzuetara narama; esaterako, ekintzailetza kolektibora gerturatu ninduen hartara. Hurrengo kapitulu baterako utziko dut momentu hura; soilik esan momentu hark egin ninduela Sorkin elkarteko kide eta ahalbidetzen didala Bilborekin lotura estua eta iraunkorra mantentzea. Eta lotura horrek eragin zuen ni topaketa haietan egotea.

Aurretik ez nuen sekula eskaintza bat eskatu. Aurretik ez nuen sekula poesia-liburu bat erosi, baina bulkada barne-barnetik etorri zitzaidan eta erabatekoa izan zen: zoaz, erosi liburua eta agurtu egilea, errekonozituz, oraingoan bai, bere arima boteretsuagatik; ondo legoke eskerrak ematea eta bere begiradan zeurea ikustea berriz. Eta hala, bere eskaintzak aurretik orri huts bat besterik ez zena zentzuz beterik, harremanak eta loturak ehotzen jarraitzen dut aurrerantz, etenik ez duen bidean, nigan izan den eta oraindik ere baden guztiaren (pertsonen, lekuen, izakien) inbokazioz beteta.

(Goiko argazkia Ecuador Etxea elkarteko lagunek ateratakoa da, jardunaldiko argazki gehiago topa daitezke album honetan)

Compartir: 
Compartir en Facebook Compartir en Twitter