PROIEKTUAK

JABEKUNTZA-ESKOLA FEMINISTEI ZUZENDUTAKO ‘ZIENTZIA BAZTERRETATIK’ IKASTAROA

esc empoderamiento gasteiz
Bi hitzetan: 

‘Zientzia bazterretatik’ ikastaroak 8 orduko iraupena du (saio presentzialak) eta zientzian zein emakumeek jakintzaren alor horretan duten zereginean interesa duten askotariko emakumeei zuzenduta dago.

Markoa: 

Emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa bultzatzeko helburuarekin jabekuntza-eskola feministek antolatu ohi dituzten ikastaro eta tailerren artean eskaintzeko diseinaturik dagoen trebakuntza-jarduera da. 

Jardueraren laburpena: 

Emakumeek betidanik egin izan dugu zientzia. Esaten erraza den, baina asimilatzen zaila den baieztapena da aurrekoa; izan ere, bizi garen jendarteak guztiz kontrakoa sinestera garamatza askotan. Ikastaro honetan zientziaren alorrean ematen diren emakume eta gizonen arteko desparekotasun nagusiak bistaratuko eta aztertuko ditugu. Era berean, zientziaren gaur egungo ikuspegi androzentrikoa aldatzea eta bizitzak erdigunean kokatzea helburu duten proposamen feministak aurkeztuko ditugu. Horrekin batera, emakumeek zientzian izan duten -eta duten- zeregina balioztatuko dugu eta ikasketa-iturri izango zaizkigu emakume horien egikerak, lankidetza- eta erresistentzia-estrategiak. Hori guztia lortzeko, alor zientifiko-teknologikoan parte hartu izanagatik bidegabeki ikusezin bihurtu diren hainbat emakumeri buruz hitz egingo dugu, baina baita bestelako askotariko emakume anonimoei buruz ere; beren eguneroko zereginak burutzeko ikertu, esperimentatu eta asmamena erabili duten eta bizitzarako ezinbestekoak diren jakintzak garatu dituzten emakumeei buruz, alegia.

Orain arte ikastaroaren bi edizio ospatu ditugu. Lehena Gasteizko Jabetze Feministarako eskolan izan zen, 2019ko apirilean. Ikastaroan askotariko 6 emakumek eman zuten izena, 20 urtetik 65ra bitarteko adinekoak, alor ezberdinetan arituak (osasungintza, administrazio publikoa eta ingeniaritza, besteak beste) eta jatorri ezberdinekoak (Latinoamerikatik eta Euskal Herrira). Dokumentu honetan topa dezakezu ikastaroari buruzko informazio gehigarria. Bigarrena MARIENEA Basauriko emakumeen etxean izan zen, 2019ko urria eta azaroa bitartean. 19 urtetik 70era bitarteko adineko alor ezberdinetako 7 emakumek hartu zuten parte (unibertsitateko ikasleak, hezkuntza ez-formaleko profesionalak, eta baita erretiroa hartutakoak ere). Hemen ikastaroari buruzko informazio gehigarria. 

esc empoderamiento gasteiz-1
esc empoderamiento gasteiz-2
esc empoderamiento gasteiz-3
esc empoderamiento gasteiz-4
Compartir en Facebook Compartir en Twitter