ZIENTZIA IKASGELATIK KANPO EGITEA BESTELAKO BEGIRADATATIK, NESKAK AHALDUNTZEKO ETA MUTILENGAN MASKULINITATE BERRIAK SUSTATZEKO
Proiektu honekin bilatzen duguna da Bizkaiko nerabeei kontzientzia kritikoa piztea euren etorkizuneko lanbidea aukeratzerako orduan dauden desparekotasunen inguruan. Horrekin batera, ugalketa- eta zaintza-lanei duten balioa aitortu nahi diegu. Horretarako, emakumeek historian zehar garatutako jakintza nabarmenduko dugu, emakumeen ekarpen eta ezagutzak ikusgai eginez eta ezagutza horiek gordetzen duten zientzia inplizitua azalduz eta balioetsiz.
Inguratzen gaituen androzentrismoarekiko kontzientzia kritikoa sortzea eta zientzia ulertzeko modu berriak bultzatzea bilatzen duen Sorkinen estrategiaren barruan kokatzen da proiektu hau, emakumezko zientzialariak eta emakumeen jakintzak ikusgai egiten dituen eta pertsonen eta naturaren zaintzak gure gizartearentzat duen garrantzia aintzat hartzen duen zientzia bultzatuz. 2017an zehar garatu genuen proiektuaren lehen fasea, zeinetan osatu baikenuen “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gida didaktikoa. 2018an zehar bigarren fasea burutu dugu.
Proiektuaren helburu nagusia da jarduera ludiko-hezitzaileak proposatzea, nesken ahalduntzea bultzatuko dutenak eta mutilen artean maskulinitate berdinzaleak garatzea. Horretarako, zientziaren gaur egungo ikuspegi androzentrikoa auzitan jarriko dugu, emakume zientzialarien erreferenteak bultzatuko ditugu, emakumeen jakintzari duen balioa aitortuko diogu eta metodologia pedagogiko berritzaileak erabiliko ditugu.
Proiektuaren II. fasean ondoko jarduera hauek burutu ditugu:
- “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gida zabaltzen jarraitu dugu, informazio-bilera zein aurkezpen publikoen bidez. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Basauriko Marienea Emakumeen etxean egindako aurkezpena, edota Halabedi irratiko Suelta la olla irratsaioko zientzia eta pentsamendu kritikoari buruzko atalean kolaborazioa.
- Hezkuntza ez-formalaren alorreko eragileen artean hausnarketa, topaketa eta elkarlanerako guneak sortu ditugu, mutil eta neska nerabeen arteko parekidetasunaren aldeko ekimenak gauzatzeko eta elkarren arteko aliantzak eraikitzeko. Horren lekuko dira mikromatxismoen inguruko eta maskulinitate berrien inguruko hausnarketa-prozesuak eta, batez ere, 2019ko otsailean ospatutako “Jakintza eta zientzia” jardunaldiak, han sozializatu baigenituen proiektuan egindako aurrerapenak eta sortutako material didaktikoa.
- “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gidako jarduera ludiko-hezitzaileak hobetzea, hainbat eragile lankideren eta nerabeen ekarpenak kontuan harturik, ekintza hauen bitartez lortuak:
- Astialdi hezitzaileari buruzko nazioarteko I. kongresuan parte-hartzea aurkezpen honekin.
- Gazte nerabeekin Bilboko Gaztegune batean egindako testatze tailerra, Proclade Yanapay elkartearen laguntzarekin.
- Gazteekin maskulinitate berriak eta mikromatxismoak lantzeko dauden erremintetan sakontzea, sortuko dugun material didaktikoan txertatzeko. Horretarako, bi hausnarketa-prozesu paralelo bideratu ditugu, honako gai hauen inguruan:
- Mikromatxismoak zientzian eta nola horiei aurre egin nerabezaroan: hemen topa ditzakezu hausnarketak emandako emaitza nagusiak.
- Maskulinitatea-zientzia-nerabezaroa trinomioaren arteko harremanak eta nola hasi lantzen zientzia parekidea mutil nerabeekin: hemen topa ditzakezu horretarako hainbat proposamen.
- “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” gidaren osagarri izan daitekeen material didaktiko berria sortzea eta zabaltzea, eragile lankideekin egindako lanaren emaitzak biltzen dituena. Hain zuzen ere, 10 fitxa didaktiko sortu ditugu, gazte nerabeekin hezkuntza ez-formaleko espazioetan erabiltzeko aproposak. Doan deskarga ditzakezu hemen.
JAKINTZEI ETA ZIENTZIARI BURUZKO TAILERRAK LEHEN HEZKUNTZAKO IRAKASLEEKIN (Alonsotegi eta Kareaga Goikoa eskoletan, 2016ko udaberrian)
“Emakumeen jakintzak heziketa-curriculumean. Elikadura-burujabetza adibide gisa” izenburuko tailerrak Vanek eman zizkien Alonsotegi eta Kareaga Goikoa Eskoletako irakasleei, 2016ko maiatzean.
VSF Herrien Bidezko Elikadura elkarteak tailerrok emateko gonbidapena luzatu zigun ALIMENTACCIÓN programa sozio-hezitzailearen karietara. Programa hori Hegoa Instintuarekin elkarlanean burutzen du VSFk, eta haren bidez nekazaritzako elikagaien eredu alternatiboa bultzatzen dute, Elikadura Burujabetzaren printzipioetan oinarriturik eta genero-ikuspegia txertatuz, landa-mundu bizi baten alde, eskolak ardatz bezala hartuta, berauen bidez komunitate guztia inplikatzeko.
Tailer hauen bidez lortu nahi genuen pertsona hezitzaileengan hausnarketa eragitea “zientzia irakasteko bestelako modu posibleen” inguruan, eta horrekin batera eduki kurrikularretan elikadura burujabetza zeharkako bihurtzea. Eskolak jakintza-ekoizle gisa duen funtzioan arreta jarri genuen, baita ere erakusten den zientzia motan eta ikaskuntzan emakumezko erreferenteak sortzeko premian; bizitza erdigunean jartzen duten jakintzak ikusgai egin genituen (tradizionalki emakumeek garatutako jakintzak, ezagutza legitimatutik kanpo daudenak), batez ere elikadurarekin zerikusia duten jakintzak.
Tailer bakoitza, ordu eta erdiko iraupenekoa eta bataz besteko 20 parte-hartzaileduna, bi zatitan egituratu genuen. Lehenengo zatian, gaur egungo heziketa-curriculuma, emakumeen jakintzak, elikadura eta elikadura burujabetza izan genituen hizpide eta hausnarketarako gai, eta agerian gelditu ziren elikadura burujabetzaren, bizitzaren jasangarritasunaren eta heziketa-sistemaren arteko harremana. Bigarrengo zatian, adibide praktikoak landu genituen sukaldearen inguruko jakintzak hezitzaileen eguneroko praktikan sartzeko modu bila -ikasgeletan zein ikasgeletatik kanpo-, eta horretarako talde-lanean aritu ginen lehenik eta bateratze-saioa egin genuen amaitzeko.
JAKINTZAK ETA ZIENTZIA. IRAKASLEEI ZUZENDUTAKO FORMAKUNTZA, DEUSTUKO UNIBERTSITATEAN
“Jakintzak eta zientzia ikuspegi feministatik. Matematika-hezkuntza adibide gisa” izenburuko tailerra, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko ikasle eta irakasleei zuzenduta, Vanek eman zuen 2016ko maiatzean.
Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteak (ISF-MGI) tailerra emateko gonbidapena luzatu zigun, esparru zientifiko-teknologikoan berdintasuna bultzatzeko helburuarekin antolatutako jardunaldi batzuen karietara. Helburu horrekin bat eginik, hezitzaileei zuzendutako heziketa-jarduera bezala diseinatu genuen tailerra Sorkinetik, bizitza erdigunean kokatzen duten jakintzak gai nagusitzat hartuz.
Tailer honen bidez lortu nahi genuen zientzia egiten duten erakundeak ikusgai bihurtzea eta ikuspegi feminista esparru zientifiko-teknologikoan txertatzea, hala nola kontzientzia kritiko eta feminista sustatzea proposamen pedagogiko zehatzen bidez.
Zientziari –eta teknologiari− buruzko eztabaida feministek, zientziaren alorrean diharduten emakumezkoen eskasiari erreparatzetik abiatua, ezagutza eraikitzeko moduak ere kuestionatzen dituzte. Ezagutza zientifikoa nola egituratzen den, nork egiten duen, zein baldintzen pean eta, batez ere, zer uzten den ezagutza horretatik kanpo, aztergai giltzarriak dira.
Goian aipatutakoak eta beste hainbat gai landu ziren jardunaldian zehar, bi orduko iraupena izan zuen eta bi zatitan egituratu genuen tailerrean. Lehenengo zatian, emakumeek beren eguneroko egitekoetan garatutako jakintzei buruz aritu ginen; zientzia kontsideratzen den horretatik at gelditu diren jakintzak, ikusezin bihurtu eta baliogabetuak izan direnak eta, halere, bizitzaren jasangarritasunerako behar-beharrezkoak direnak. Bigarrengo zatian, matematikaren kasu zehatzera jo genuen eta zientziaren arlo horrekin lotutako jakintzen adibide praktikoak aztertu genituen.
Tailerrera 30 pertsona inguru hurbildu ziren, gehienak emakumezkoak eta irakaskuntzan arituak, eta oso ongi baloratu zuten hala landutako ikuspegia, nola klasean burututako dinamikak. pdf honetan topatu dezakezu erabili genuen aurkezpena.