Sareak

SOZIALKI KONPROMETITUTAKO IKERKETA-EKINTZA PARTE-HARTZAILE BATEN MAPAKETA KOLEKTIBOARI BURUZKO TAILERRAREN SAIO BAT

taller mapeo hegoa
Bi hitzetan: 

Teresak eta Vanek “Geure buruari entzutea. Sozialki garrantzitsuak diren jakintzak eta ezagutzak modu kolektiboan sortzea” saioa dinamizatu zuten. Horretan 35 lagunek parte hartu zuten. Helburua pedagogia feminista dekolonialak hurbiltzea eta praktikan jartzea zen, jakintzei balioa emateko.

Markoa: 

Saioa Sozialki konprometitutako Ikerketa-Ekintza Parte-Hartzaile (IEP) baten Mapaketa Kolektiboari buruzko tailerraren parte izan zen, Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuko hezkuntza-taldeak antolatuta. Tailer horren lau saioak 2018ko azaroan egin ziren, Bilboko San Frantzisko auzoan. Hegoako hezkuntza-taldeak auzo hura aukeratu zuen “Unibertsitatea kalera ateratzeko” eta ezagutza lurralde jakin bateko arazoekin lotzeko.

Jardueraren laburpena: 

35 bat lagunez osatutako talde heterogeneoa egin genuen. Horretan, ikasleak, unibertsitateko irakasleak eta gizarte-eragileak elkartu ginen, gizarte-aldaketara bideratutako ikerketa kritikoarekin konprometituta gaudenak. Halaber, taldeko kideen jatorriak askotarikoak izan ziren; batez ere Latinoamerika, Afrika eta Europa.

Saioa gure burua kokatzeko une batekin hasi genuen, hurbiltasun eta konfiantza giroa sortzeko. Horrela, sozialki garrantzitsuak diren jakintzei lotutako hainbat objekturen bitartez, saioko parte-hartzaileok geure burua aurkeztu genuen.

Gero, azterketa une batekin jarraitu genuen. Horretan, IEP bat nola egin hausnartu genuen, beste ikuspegi bateko proposamenak txertatuz eta gure zapalkuntzez eta gure pribilegioez ere jabetuz. Une horretarako, Yuderkis Espinosak, Diana Gómezek, Maria Lugonesek eta Karina Ochoak idatzitako “Reflexiones pedagógicas en torno al feminismo descolonial. Una conversa en cuatro voces” (Feminismo dekolonialari buruzko hausnarketa pedagogikoak. La ahotseko elkarrizketa) lanetik hartutako laburpen batetik abiatu. Idazlan hura Pedagogías decoloniales. Prácticas insurgentes de resistir, (re) existir y (re) vivir liburuan argitaratu zen.

Ondoren, saioaren hirugarren unera pasatu ginen, bizipenen momentua, alegia. Horretarako, “Gorputz-lurraldearen mapaketa” metodologia erabili genuen. Hura pedagogia feminista dekolonialetatik sortzen da, Latinoamerikako leku askotako emakumeengandik, batez ere eremu landatar eta indigenatik. Guk gure testuingurura eta tailerraren helburuetara moldatzen dugu metodologia hori. Lurraldearen ordez, gure jakintzak gorputzaren bidez nola ezagutzen ditugun eta gorputzarekin nola lotzen ditugun aztertu genuen; ezagutza gorputzetik, emoziotik eta kolektibitatetik sortuz. Metodologia honetarako, bada, Mapeando el cuerpo-territorio. Guía metodológica para mujeres que defienden sus territorios (Lurralde-gorputza mapatzen. Gida metodologikoa beren lurraldeak defendatzen dituzten emakumeentzat) dokumentuan oinarritu ginen.

Saioa amaitzeko, jakintza, min eta erresistentzia ugari partekatu genituen. Bizi izandako esperientzia batetik sortzen dira horiek, ezagutza sortzeko iturri legitimo gisa. Esperientzia horretan, gorputzak elkartzean, aniztasun handia ikusten dugu, baita asko partekatzen dugula ere.

Sozialki Konprometitutako IEP baten Mapaketa Kolektiboari buruzko Tailerraren lau saio horiek Curruscuk dokumentatu zituen bideo batean. Hemen duzue bideoa deskargagarri, baita prozesuaren parte diren beste dokumentu guztiak ere.

Prozesu osoa Hezkuntza askatzailea, gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuan txertatzen da.

(Azaleko argazkia: Joseba Sainz de Murieta)

taller mapeo hegoa-2
taller mapeo hegoa-3
taller mapeo hegoa-4

HEZKUNTZA ASKATZAILEA, GIZARTE ERALDAKETARAKO HEZKUNTZA

Bi hitzetan: 

Hezkuntza Askatzailea (HA) eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza (GEH) gure ikuspegi pedagogikoaren oinarrietako bi dira. Horien inguruko hainbat hausnarketa prozesutan eta formakuntza jardueratan  parte hartzen dugu elkarte lagunekin.

Markoa: 

Gure lanaren eta ikuspegi pedagogikoaren oinarrian daude hainbat hezkuntza-korronte kritiko; besteak beste, hezkidetza, bizipenetan oinarritutako ikaskuntza, gizarte eraldaketarako hezkuntza (GEH), edota hezkuntza askatzailea (HA)

Azken biei arreta berezia jartzen diegu, eta Hegoa Institutuak proposaturiko hezkuntza askatzailearen definizioarekin bat egiten dugu. Definizio horren arabera, HA proposamen erradikala da, gaitasuna duena begirada kritikoetatik abiatuta kultur eraldaketa sakonak eragiteko, mundua interpretatzeko modua iraultzeko eta indarrean dagoen globalizazioari alternatibak planteatzeko. Askatzailea deritzogu, subjektuak epe luzera kontzientziatzeko prozesuak bultzatzen dituelako eta laguntzen dielako beren bizitzak zeharkatzen dituzten zapalkuntzak identifikatzen eta erresistentzia eta sormena abiarazten. 
 

Jardueraren laburpena: 

Honako hau bizirik dagoen proiektua da. Bertan joango gara idazten bestelako kolektiboekin elkarlanean burututako hezkuntza askatzailearen eta gizarte eraldaketarako hezkuntzaren inguruko jarduerak.

  • ‘Hezkuntza askatzailea unibertsitatean. Jabetze-prozesu jarraitua errazteko bide estrategikoak’ mintegiak’ (2017ko iraila)

Hegoa Institutuko Hezkuntza taldeak antolatutako mintegietan parte hartu genuen beste hainbat eragilerekin batera. Bi saiotan zehar solastu ginen hezkuntza askatzaileak unibertsitatean izan beharko lituzkeen nolakotasunei buruz, eta ikuspegi hori unibertsitatean txertatzeko bide estrategikoak aztertu genituen. Guztia ere, bidegabekeriei eta desparekotasunei aurre egingo dion pentsamendua bultzatuko duen unibertsitatea lortze aldera. Mintegietako eztabaidetatik eratorritako ondorioekin honako dokumentua sortu zuten: Gizartearekin konprometitutako unibertsitate bat lortzeko bidean: Ikuspegi hori Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) txertatzeko bide estrategikoak.

  • ‘Sorkin. Ezagutzak itzulikatzen, bizitzak erdigunean jartzeko’ artikulua, Hariak aldizkariaren 3. zenbakian ( 2017ko azaroa) 

Hegoa institutuak argitaratzen duen ‘Hariak' aldizkariaren 3. zenbakiko gai nagusia boterearen eta jakituriaren arteko erlazioa izan zen. Aldizkariari egin genion ekarpena artikulu hau izan zen, zeinetan botere-jakintza harremanaren gure ikuspegia azaldu genuen. Gure izenean bertan (Sorkin = Sorgin + Ekin) islatzen dugun ardura da hori, beraren bidez saiatzen baikara pertsonen eta naturaren zaintzaren inguruko jakintza eta praktikengatik denigratuak izan ziren emakumeen ekarpenak aitortzen, eta horrekin batera gure jendartean legitimatutako jakintzen oinarriak irauli nahi ditugu (blogeko sarrera honetan topa dezakezu gure izenaren inguruko azalpen osatuago bat).

  • ‘Norekin eta zertarako hezi? Gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren subjektu kritikoak’ jardunaldiak (2018ko urtarrila-otsaila)

Bilbon ospatu ziren 2018ko urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, Hegoa Institutuak eta Lankidetzarako Euskal Agentziak antolatuta. Sorkineko hainbat kidek entzule bezala parte hartzeaz gain, Vanek itxiera saioko hitzaldia eman zuen. Norekin hezi? zertarako hezi? eta nola hezi? izan ziren hausnarketarako oinarri bezala hartu zituen hiru galderak. Besteak beste, bizitza erdigunean kokatzen duten jakintzek subjektuak gizarte eraldaketarako ahalduntzeko izan dezaketen balioaren inguruan hausnartu zuen eta hainbat adibide praktiko mahaiganienratu zituen, bizipenetan oinarritutako ikaskuntzaren garrantzia nabarmentzeko. Jardunaldiei buruzko informazio gehiago hemen (gaztelaniaz).

  • ‘Bestelako Unibertsitatea. Bestelako subjektuak, bestelako jakinduriak eta bestelako aliantzak Unibertsitate eraldatzaile batentzat’ jardunaldia(2018ko apirila)

2018ko apirilaren 19an ospatu zen Sarrikon, Hegoa Institutuak antolatuta eta helburu izanik unibertsitatearen eta bestelako heziketa- eta gizarte-eragileen arteko zubiak eraikitzea heziketa kritiko eta askatzailearen inguruan. Ekarpen eta eztabaidak hiru hausnarketa-lerroren inguruan ardaztu ziren: 1) Gizarte eraldaketarako esanguratsua den jakituria, 2) Subjektu kritiko eraldatzailea eta 3) Unibertsitatea gizarte eraldaketarako espazio bezala. Sorkineko bi kide jardunaldian izan ginen entzule bezala eta goizeko tailerrak dinamizatzen parte hartu genuen. Horrez gain, gure kide Unaik ‘Esperientzia eta kokapenen kartografia’ izenburuko hasierako dinamika aurkeztu zuen. Jardunaldiei buruzko informazio guztia beren webgunean topa dezakezu.

  • Sozialki konprometitutako Ikerketa-Ekintza Parte-Hartzaile (IEP) baten Mapaketa Kolektiboari buruzko tailerra (2018ko azaroa)

Hegoako hezkuntza-taldeak antolatuta, 2. saioaren dinamizazioan parte hartu genuen: “Geure buruari entzutea. Sozialki garrantzitsuak diren jakintzak eta ezagutzak modu kolektiboan sortzea”. Hau 2018ko azaroaren 20an ospatu zen Bilboko San Frantzisko auzoan. Prozesu horri buruzko informazio guztia “Sozialki konprometitutako Ikerketa-Ekintza Parte-hartzaile baten Mapaketa Kolektiboari buruzko Tailerraren Saio bat” proiektuan aurkituko duzue.

NEKAZARIEN EZAGUTZAK LEGITIMIZATZEA

LEGITIMANDO SABERES CAMPESINOS
Bi hitzetan: 

“Bizitza erdigunean jartzen duten nekazal jakintzei esanahi berriak ematea” posterra, Elikaduraren etorkizuna eta XXI. menderako nekazaritzaren erronkak. Elikadura 21 Nazioarteko Topaketan erakutsi genuen, Gasteizen, 2017ko apirilean.

Markoa: 

Elikadura 21, esperientzien truke eta eztabaidarako espazio bat izan zen, ondorengo erakundeek antolatua: Instituto de Estudios Críticos Agrarios (ISS), ICAS -Iniciatives in Critical Agrarian Studies- sarea, EHNE Bizkaia, Etxalde. Helburutzat zuen zubiak eraikitzea gizarte zibil, nekazari, orotariko erakunde eta akademiaren artean, nekazaritza eta elikaduraren inguruko problematika aztertzeko, hala nola agroekologia eta elikadura burujabetzaren esparruetan alternatibak eraikitzeko.

Jardueraren laburpena: 

Vane eta Teresa hiru egun iraun zituen topaketan izan ziren, mundu osoko unibertsitateetatik etorritako 103 ikertzailerekin eta 53 nazionalitate ezberdinetako 450 pertsonarekin batera. Aurkeztutako  posterrean korrelazio honi buruz  arrazoitu genuen: indarrean dagoen nekazaritzako elikagaien sistema predatzaileak duen izugarrizko boterea eta nekazarien ezagutza, praktika eta egikerek gure gizartean duten legitimitate falta. Gure aburuz, botere-dinamika horiek hausteko, parekidetasuna bultzatzeko eta hiritarren aurrean elikadura burujabetzaren proposamena indartzeko, beharrezkoa da nekazarien jakintzak ikusgai egitea heziketaren bidez. Horrela, jakintzoi eta jakintzok posible egiten dituzten nekazariei balioa eta esanahi berriak eman dakizkiekeela uste dugu.  

Posterra (gaztelaniazko bertsioa) honako pdf-an topa dezakezu; topaketan aurkeztutako gainontzeko hitzaldi eta posterrak honako estekan.

(Argazkia: Jairo Marcos, desplazados.org)