BLOGA

IKASGELAN LANTZEKO PROPOSAMENA: MENDELEN LEGEAK

  • Leyes de Mendel

Mendelen Legeak eta berak ilarrekin egindako esperimentuak ezagunak egingo zaizkizue gehienei, baina nola sortu zen genetika? Zein testuinguru historikotan? Nola sortzen eta finkatzen da diziplina zientifiko bat? Jaso dugun zientzia eta hura eskolan nola irakatsi zaigun kritikoki aztertu nahi badugu, funtsezkoa da horrelako galderak egitea.

Genetikaren aita izenez ezaguna den eta 1822an jaio zen Gregor Johann Mendel abade txekiarrari egozten zaio herentzia edo ondoretasun genetikoa deskubritu izana. Berak demostratu zuen, lehen aldiz, faktore jakinek kontrolatutako ezaugarri hereditarioak belaunaldiz belaunaldi transmititzen direla lege jakin batzuei jarraituz. Lege horiei Mendelen legeak deitu zitzaien bere omenez. Halere, genetika diziplina zientifikoaren sorreran emakume askok hartu zuten parte, eta haien lana oinarrizkoa izan zen XX. mendean genetika biologiaren adar nagusienetakoa bihur zedin.

William Bateson genetista britainiarraren ikerkuntza-laborategian demostratu eta sendotu ziren genetika mendeldarraren oinarriak. Hartan aritutako lantaldean, 13 kideetako 7 emakumeak ziren, eta haiek aurkitu zituzten askotariko ebidentzia erabakigarriak, Mendelen herentziaren legeak egiaztatzeko eta zabaltzeko. Horrez gain, badira diziplinaren garapena bultzatu duten beste emakume batzuk ere; horietako bat izan zen 1918an jaiotako Ruth Sager genetista iparramerikarra, zeinak bere ikerkuntza-lanen bitartez deskubritu zuen gene garrantzitsuetako batzuk nukleotik kanpo kokaturik zeudela, organulu jakin batzuetan, eta zenbait funtzio garrantzitsu determinatzeko gai zirela, hala nola fotosintesia. Nahiz eta Ruth Sagerrek zailtasunak izan zituen bere lanaren garrantzia aitortu zezaten, azkenean genetika (herentzia) zitoplasmikoaren aitzindari bihurtu zen, eta nukleoz kanpoko herentziatzat ere bada ezaguna genetikaren adar hori.         

Bigarren hezkuntzan genetikako edukiak lantzeko proposatzen dugun jardueraren zati bat da hau. Hezkuntza formalerako “Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia” fitxa didaktikoetan jarduera osoa eta bigarren hezkuntzako edukiak lantzeko beste proposamen batzuk dituzue.

Compartir en Facebook Compartir en Twitter